Entrevista publicada en el periódico comarcal del Alto Deba “Goienkaria” el 18 de diciembre del 2006
2006 Abenduaren 18an, Deba Goineko egunkarian argitaratutako elkarrizketa
Oñatiko Gazte Asanbladak eta Erauntsi Bilguneak antolatutako jardunaldi libertarioen barruan gonbidatu dute Lucio Urtubia, Parisen bizi den anarkista nafar beteranoa. Egubakoitzean egin zuen hitzaldia. Frantzian “Lapur ona” goitizenagatik ere da ezaguna Urtubia, borroka libertarioaren izenean hainbat iruzur eta lapurreta historiko egin eta gero.
Lucio Urtubia. Anarkista
“Umetan bizitako pobreziarengatik galdu nion errespetua gizarteari”
JON BEREZIBAR. OÑATI
75 urterekin, bizitza guztia egin du Lucio Urtubiak errepresioaren aurka eta anarkismoaren ideiak zabaltzen. Anarkista menderaezina bezala agertzen du berriki Frantziako Estatuan argitaratutako haren biografia arrakastatsuak. Oñatiko hitzaldian haren borrokaren gainbegiratua egin zuen.
Oñatiko Gazte Asanbladak gonbidatuta etorri zara. Ertzaintzarekin arazoak izan eta epaiketei aurre egiten dabiltza gaur egun kideak. Zer esango zenieke gazte horiei?
Eutsi dezatela. Jarraitzea beste erremediorik ez dago askatasuna defendatzeko eta horretarako borroka egin behar da. Ezin daiteke ez demokratikoa ez libertarioa izan askatasuna defendatu barik. Defentsa hori, gainera, guztion ondasuna eta beharra da. Guztiz ulergarria da espazio bat hutsik badago hori okupatu eta funtzionaraztea. Guztiak izan behar du zerbitzua eta guztiaz zerbitzatu behar dugu, baina modu arduratsuan. Hori da anarkia: ardura. Pazientzia behar da eta eutsi egin beharra dago. Baliabide asko dago orain, lehen ez bezala, eta gauza asko egin daitezke. Gazteria nazkatuta egotea ulergarria da, ez dago inor fidatzekorik-eta. Gauza jakina da pertsona bat boterera heltzean usteldu egiten dela. Nik ez daukat soluziorik, ez dauka inork. Ez dago eredurik boterean norbait zintzoa eta koherentea izan denik.
Anarkia, maiz nahita, benetan ez denarekin nahasten dute askok, ala?
Anarkia ezagutzen ez duen jendeak hitz egiten du horrela. Anarkia ardura da, sorkuntza, bizitzako esparru guztien ardura hartzea. Historia anarkistek egin dute, gustatu edo ez. Franco ez zen kalera atera sozialistak, errepublikarrak, komunistak edota estalinistak zeudelako, anarkistek eraldatze soziala zekartelako baizik. Anarkistek lurrak birbanatzen zituzten. Sozialistak, ordea, erreformistak izan dira beti, eta errepublikarrek anarkistak espetxeratzen zituzten, 35000 guztira izan zituzten itzalpean.
Hain zuzen ere, aste honetan bertan eztabaidatu da Espainiako Kongresuaren Memoria Historikoaren Legea eta badirudi ezta alderdi bat bera ere ez dela gustura geratu. Hain zaila da iragana berrikustea?
Jendea ez da arduratzen memoria berreskuratzeaz. Gobernuek egiten uzten dietena egiten dute, besterik gabe, bizizale hutsak dira-eta. Nire ustez, espainiar anarkistek egin nahi izan zutena harro egotekoa da: kartzelak irekitzea, lurrak okupatu eta banatzea. Lur horiek aberatsenak ziren eta alferrik galtzen utzita zeuden. Ezer ez zeukan jendeari ematen zizkioten lurrak. Erriberan, fusilatuak izan ziren gehienak arrazoi horiengatik hil zituzten: lurrak okupatu eta birbanatzearren.
Behartsu horien artean zerorren familia zegoen, ezta?
Gure aita karlista izan zen eta hark zioen Madrili zerga bat bera ere ez zegoela zertan ordaindu, ezta zerbitzatu ere. Karlistak ziren eta garai hartan karlismoa Madrilekiko independentzia aldarrikatzea zen. Gure aitak eliza bateko tiroketa baten hartu zuen esku liberalen aurka. Kartzelan luzaroan izan zen eta Marokoko gerraren osteko urteetan askatu zuten. Emakumeak ere orduan trenbidearen gainean ipintzen ziren haien semeak hegoaldera ez joateko eta gerraren ez hiltzeko. 14000 hildakoko batailak egoten ziren Marokon, sarraski hutsa zen, sinestezina. Anarkistak ziren gerren aurka egiten zutenak, haiek esaten zuten gobernuei ez zitzaiela kasurik egin behar.
Hala ere, mugimendu libertarioekin lehen hartu – emanak Parisen izan zenituen, ihes egin zenuenean.
Oso familia txiroa zen gurea; guztion familiak ziren moduan. Hala ere, orduko amen aberastasuna daukat gordeta gogoan, zelan ematen ziguten jaten, zelan bizi irauten genuen haiei esker. Pobrezia horrengatik galdu nion nik errespetua gizarteari, ez nuen ahaleginik egin behar izan ezarritako botereari errespetua galtzeko.
Pobrezia aipatzen duzula, zer iritzi duzu GKEen lanaz?
Oso garrantzitsua. Nire emaztea Medicus Mundito Ameriketako Behartsuekiko Kooperazio zuzendaria da. Beti gobernuetatik kanpo egin beharrekoak dira, haietaz ez da ezer espero-eta.
Zer gertatu da Frantzian hirietako talde baztertuek egindako errebolta txiki horietan?
Gertatutakoak baino gauza larriagoak espero behar ditugu. Gazte horien gurasoek aberastu dute Frantzia eta kolonialismoak haien jatorrizko herrialdeak desjabetu zituen. Espainian ere berdin gertatzen da. Gaur egun etorkin mordoa dago Espainian eta hori ez zaio batere kostatu Estatuari. Frantziako egoerari dagokionez, auzune horietan bizi den jendea benetan txiroa da. Baldintza horietan gizartea jasatea oso zaila da. Nik Frantzia biziki maite dut, baina ezin da ahaztu oso herri arrazista dela, eta kontuan hartzekoa da hori.